XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Haizelarreko berrimetroa. Kaixo! Zer moduz?

Irailaren hasieran, oporretatik itzulera zela eta, Berrimetroak kalera jaistea pentsatu zuen.

Ea nola dabilen jende hori.

Kale haundiko jendetzan zehar zihoala, marroi bat ikusi zuen, arma eskuan zuela, polizi furgoneta baten ondoan.

Berrimetroak, hurreratu eta bizkarrean jorik, esan zion: - Kaixo! Zer moduz?

Marroiak brast heurt egin zuen, armaz apuntaturik.

Berrimetroa besterik ikusi ez zuenean, bat bateko brastada hura pixka bat leundu nahiz, haserre aurpegitik ironiazkora aldatu zen.

Zer behar duk?- galdetu zuen.

Zeu agurtu.

Nola ni agurtu, ez baitzaitut ezagutzen?

Nik bai zuk.

Gezurra!- hotsegin zuen poliziak, goiak hartu nahiz, komisartegiko ezagunen bat izango zelakoan.

Gezurra ez.

Nik ezagutzen zaitut.

Zertatik eta nola?

Bart elkarrekin egon gara - esan zuen berrimetroak.

Gu bart elkarrekin? Nik bart hain zuzen hamabi ordu egin ditut ohean, oporretatik bueltan.

Ohean, ba!- hotsegin zuen berrimetroak.

- Oye! A vacilar con tu puta madre!- atera zitzaion poliziari erretasunaren barrenetik, armari krik-krak eraginez.

Nahi duzuna, baina nik ohean ikusi zaitut.

Eta nola nengoen ohean?

Ohean neu negoen.

Bart zurekin amets egin dut.

Ah!- hasperen egin zuen marroiak.

Banenkien hau marikoi samarra zela.

Jakin al nezake nola ikusi ninduzun?

- Begira - kontatzen hasi zen berrimetroa -, Lagun bat eta biok autoan gindoazen.

Bat batean, ezker eta eskuin, dena zen autoa eta apenas zegoen pasatzeko bitarterik.

Kontrola edo horrelako zerbait zen.

Guri aurrera pasatzeko agindu ziguten.

Bagindoazen eta aurreratxoago arma horrekin gure autora apuntatzen zenuen.

Hartan danba! tiro egin zuen.

Nik beste bati izango pentsatu nuen, atzekoek baimena eman baitziguten.

Gure autoak, ordea, alborantz hartu zuen eta ezpaloi gainean, beste auto baten kontra geratu zen.

Orduantxe ohartu nintzen nire laguna, bolantean zetorrena, odoletan zegoela, leiho kontrara eroria.

Hila zen.

Nahasmen hartan beste danbada ere entzun zen eta beste lagun bat ere hila.

Bat bateko laguntzak eta sokorruak egin genituenerako, biak erdi piztuak ziren, ez baitziren osorik hilak.

Orduan nik esan nizun: - Nola egin duzu hori? Ez duzu bizirik egoterik merezi.

Geldi gero!- hotsegin zenidan amorruz -.

Kulata eta guzti ahotik sartuko dizut!

Gero plaza haundi batean ginen eta Erregek etorri behar zuen hara.

Ez dakit Pertsiakoa edo nongoa zen, baina zain zegoen jendetzak txalo baino uhu egiteko gogo gehiago zeukala zirudien.

Errege eta bere segizioa taulatu haundi batera igon zirenean, jendea uhuka hasi zen.

Zuek lehenengotan geldi zeundeten, errege hura ez baitzen zuena ere, kanpoetatik etorritakoren bat baizik.

Zuek ere hura etorri ez balitz nahiago bezala agertzen zenuten, baina azkenean ordena ipini behar zen eta kargatzen hasi zineten.

Hantxe harrapatu ninduzun zuk eta, egia esan, ez zenidan bizkarreko haundirik eman, kolpea disimulatu eta aldegiteko agindu baizik.

Kalean, ez dakit zer pentsatzen nentorrela, ikusi zaitut eta pentsatu dut: Ene! Hemen bartko polizia!

Ederki.

Historio polita.

Baina zergatik etorri zara niregana eta ez beste batengana?

Zeu zinelako.

Nola joango naiz, ba, beste batengana?

Baina nola ni, ez bainauzu ezagutzen?

Ez dizut esaten, ba, bart ikusi zaitudala?

Ametsetan, ordea! Erotzat hartu al nauk?

Ez erotzat ez ezer.

Nik ez dakit zu nolakoa zaren.

Nik dakidana da bart ametsetan ikusitako polizia begien bistan daukadala oraindik eta hori zeu zarela.

Nola litekek ametsa amesgaia baino lehenago etortzea?

- Ez dakit.

Nik amets egin dut eta zu huraxe zara.

Beste milaka izakiz eta gizakiz ere amets egina naiz.

Gehienak oraindik ez ditut ikusi, baina hor ibiliko dira nonbait.

Zu ikustea gertatu zait eta agurtzera etorri naiz.

Gaizki al dago?

Xabier Amuriza.